martes 22 de febrero de 2011

Kanelazko egunak

Badirudi martitzenetan haizea leiho irekietatik lotsarik barik sartzen dela, sartzeko permisurik gabe, tok-tok egin barik. Badirudi martitzenetako haize lotsabakoa olgetan dabilela gortinekin, valsaren zaldi-maldikoan dantzan, portutik pasieran dabiltzan emakumeen gonak uhinetan okasiente mugitzen diren era berean, gortinak dantzan jarriz. Badirudi martitzenetako haizea lotsabakoa izateaz gain, badela ere, musika. Badela pentagraman narraz dabilen sugea, badela isilune bateko hats, badela, izan, haize. Baina badirudi, martitzenetako haizea, lotsatia ere badela (apurtxo bat). Badirudi lotsa ematen diola kanelazko egunetan kanelaz janztea, eta horregatik ezkutatzen dela leihoetatik sartu bezain pronto, gortinetan. Badirudi loredun oihalen atzealdean sartzen dela, eta bertatik kiku egiten duela. Badirudi gortinak puztu egiten dituela, eta des- puztu, eta zaldi- maldikoan txokolatezko kukurutxo bat jaten dagoen haur baten legez, gora eta behera dabilela, gortinak puzten eta des-puzten, etengabe, lotsatzen eta des-lotsatzen, kikuka. Badaezpada.

Badirudi haizea lotsabakoa eta lotsatia dela martitzenetan, egunek kanelazko usaina hartzen dutenean.

Ezkaratzean ere kanelazko usaina azulejoetan itsatsita geratzen da, Tomasak arroz-esnea egiten duenean. Eta are gehiago egun horretan eguzkiak lainoen atzetik kiku egiten baldin badu. Eta orduan, izarak eta kulero garbiak eskegi egiten ditu. Ez eguzkiagatik arinago lehortuko direlako, ezpada kanela usainez bustitzen direlako. Eta kanarioak ere serenata alaiagoak abesten ditu kanelazko egunetan, musikak ere pastel zaporea hartuko balu legez. Eta Mari Carmenek diotso kanela- hautsak erabilita ez dela horrenbesteko usainik geratzen sukaldean. Baina Tomasak ezetz dio, kanela paloa gogokoago duela. Kanela palue. Arros-kon-letxieri kanela palue hobá. Ze, izan ere, Tomasak laket du kanarioaren serenata entzuten dagoen bitartean kuleroak eskegitzea, eta izarek kanela usainez mozorrotzea, eta haizea, lotsabako eta lotsati aldi berean, gortinekin olgetan zelan dabilen ikustea. Gogoko ditu kanelazko egunak Tomasak. Inkluso esango luke, urteen joanean, martitzeneroko arroz-esneari kanela paloa botata, ezkaratzeko azulejo urdinak argitzen joan direla, kanelaren kolorea hartzen doazela. Apurka- apurka, martitzen batetik bestera. Eta bestetik bestera.






.